Aurkezpena
Berriro ere, Durangoko Liburu Azoka aurretxotik gatoz zugana, oraingoan Euskalingua 7. ekartzeko asmoz. Lau urtez argitaratu dugun aldizkaria sendotu zaigu jadanik. Besteetan bezala, hizkuntzaren batuketa, ikerketa eta aplikazioaren inguruko artikuluak topatuko dituzu. Hasteko, korpus mailako lan bi aurkeztu gura ditut.
Batetik, Eneko Barrutiaren lana eta bestetik Alberto Mtz. de la Cuadrarena. Lehengoak bizkaieraz adizkiak sintaxi atzizkiakaz elkartukeran –a edo –e bokal epentetikoa hartu behar duten dauka gai eta erabilera klasikoa (literatura idatzikoa) zein den eta gaur egungo lekuan lekuko hizkera askotan zelan erabiltzen den erakusten du. Labur esanda, erabilera klasikoa, salbuespenak salbuespen, –a bokala bada ere, gaur egun herriko hizkeretan –e gehiago erabiltzen dela diosku Barrutiak.
Hiztegigintzaren arloan, Mtz. de la Cuadraren Nabarnizko hiztegiaren seigarren atala daukagu Euskalingua 7. zenbaki honetan, O, P, R eta S-z hasitako berbak. Aurreko ataletan bezala, lexikoa batuez ezik fraseologia eta adibide erabilerak ere eskaintzenditu bertan.
Coteronek, terminologia inguruko auzietan, lengoaiaren filosofo eta logikariei askotan ez zaiela lekurik egiten eta filosofia inguruan ere hiztegi teknikoa finkatzeko
zailtasun handiak daudela azpimarratzen du. Bere arloan dauden terminologia-arazoak zeintzuk diren azaltzen digu: batxilergoko ikasleek euskaraz filosofia-testuak irakurri behar dituztenean aldakortasun handia topatzen dute bai hiztegi tekniko aldetik -aldaki batbaino gehiago kontzeptu baterako, esate baterako- bai izen grekoen euskaratzearen aldetik -ortografia eta ahoskera aldaki asko ageri dira izen grekoetan-. Aldakortasuna ekiditeko proposamena ere egiten du.
Gaminde eta bestek Derioko euskararen soinu egituraren deskripzio zehatza ematen dute, bai fonetika bai fonologia arlotik. Derioko euskaran diptongoak, bokaleak eta kontsonanteak zeintzuk diren zehaztu ostean, silaba motak ere deskribatu dituzte. Gainera, aztergai duten osagai bakoitzaren azterketa kuantitatiboa egin dute, bideratutako elkarrizketek osatutako corpusa arakatuta.
Bestetik, Martin de Vidales eta bestek euskara irakasleek berba batzuetan azentua zelan ekoizten duteneta zelan uste duten ekoizten dutela aztertu dute, berben silaba kopurua, bokalez ala kontsonantez amaitzen diren eta hiztuna euskaldun zaharra ala berria den kontuan hartuta. Galdetegi baten bidez jaso dituzten emaitzak
behin betikoak ez badira ere, badirudi ekoiztutako azentuan erdararen eragina antzeman daitekeela eta ustezko azentuan irakasleen preskripziozaletasuna antzeman daitekeela. Edozein kasutan ere, euskaldun zaharren kasuan ama-azentua eta horrek batuera-azentuan izan dezaken eragina ere aztertu beharko litzateke.
Azkenik, aplikazio mailan, eta hizkuntza teknologiari esker lortuta, produktu baten eta aplikazio askotarako erabil daitekeen ezagutza-base baten berri izan dezakezu, azken bi artikuluak irakurrita. Aholab taldeko Sanchez eta bestek testua ahots bihurtzeko modua (testu-ahots bihurgailua) PDAn egokitu dute; horrela, posiblea da PDA pantaila txikian ageri den testua PDAkirakurtzea. Horretarako, tratamendu linguistikoa etaahots sintesia egin behar izan dute.
IXA taldea, euskararen prozesamenduari begira, eta interpretazio semantikoa aplikazioetan egokitu ahal izateko, EuskalWordNet ezagutza-base lexiko-semantikoa garatzen ari da. Prozesamendu sintaktiko eta semantikoa egiteko, lexikoiak hitzei buruzko informazioa ez ezik esanahi edo adierari buruzkoa ere eskaini behar du. Sinonimia, antonimia, hiperonimia-hiponimia, osotasun-zatia erlazio semantiko eta hierarkien arabera dago antolatuta ezagutza-basea. EuskalWordNet non topa dezakegun eta zertarako erabil daitekeen ere azaltzen digute, besteak beste, thesaurusak egiteko edo desanbiguazio kasuak argitzeko.
Ikusten duzunez, hizkuntzaren inguruko gai oso ezberdinek daukate lekua Euskalinguan. Beste behin, gura izanez gero, zure lana bidaltzeko gonbitea egin
gura dizut.
Artikuluen zerrenda
Euskalingua 7ren aurkezpena
Esti Amorrortu
Bizkaierazko aditzak hartzen dauen bokal epentetikoa dala eta
Eneko Barrutia
Nabarnizko Hiztegia (O, P, R eta S letrak)
Alberto Martínez de la Cuadra
Apuntes de filosofía del euskara, II: problemas terminológico-transcriptivos
Ibon Coterón Agorria
Derioko euskararen soinuez
Iñaki Gaminde, Atotz Goikoetxea, Ziortza Sanz, Esther Elgoibar, Oihana Astobieta eta Jon Gaminde
Irakasleen azentu ekoizpena euskara batuaz
Igor Martin de Vidales, Iñaki Gaminde, Natxo Urkijo eta Libe Arenaza
AhoTTS testu ahots bihurgailua PDA sistemetan erabiltzeko moldaketa
Jon Sanchez, Pedro Romayor, Iker Luengo, Eva Navase eta Inma Hernáez
EuskalWordNet: euskararako ezagutza-base lexiko-semantikoa
Eneko Agirre, Izaskun Aldezabal, Jone Etxeberria, Eli Izagirre, Karmele Mendizabal, Eli Pociello eta Mikel Quintian