Aurkezpena

Euskalingua 13 honek zazpi artikulu eskaintzen ditu; Eneko Barrutiak eta Mitxel Kaltzakortak Euskalingua 12n argitaratutako artikuluen jarraipenekoak egin ditue. Iñaki Gamindek Bilboko Irakasle Eskolako Enara Laka eta Leire Olondo ikasleekin egindako lana aurkezten dau. Aitor Iglesias eta Kepa Larrea autore barriak dira, ekarpen barriak Euskalinguarako. Juan Luis Goikoetxeak kultura-hizkuntza binomioa jorratu dau. Azkenik, Euskal Herriko Unibertsitateko Ingeniaritza Goi Eskolako Aholab taldearen artikulua dago irakurgai.

Eneko Barrutiak Mundakako arrantzaleei egineko grabazioen transkripzioa (III) izeneko artikulua aurkezten dau, itsasertzeko herrietako arrantzaleei egindako grabazioen transkripzioarekin jarraituz, arrantza langintzako lexiko berezituaren barri zehatza aurkitu daiteke eurotan; hasierako xedea lexikoa izan arren, lexikoaz gan, edukietan be aberastasuna darie grabazio hauei.

Aitor Iglesias Chávezek Igorreko azentuaz dihardu. Arratiako herri honetako azentuaren arau fonologikoak ditu aztergai. Azentu sistema tonala barik indar azentua dela adeirazten dau, mendebaldeko sistema fonologikoen artean, sistema berezitzat aurkeztuz.

Iñaki Gaminde irakasleak eta Enara Laka eta Leire Olondo ikasleek Bermeoko gazteek erabilten daben aditz morfologiaren deskribapena egin dabe, gazteek sortu eta erabili ohi dituen aditz formen gramatika arauak aztertuz Bermeoko gazteen euskeraren aditz morfologia artikuluan.

Mitxel Kaltzakortak Galdegaia testu osoetan (eta II) artikulua idatzi dau oraingoan. Euskalingua 10 eta 11n hasiera perpausetan landu eban galdegaia, eta 12 eta 13an elementu bera testu osoetan lantzeari ekin deutso. Oraingoan Tartasen Sugearen errautsa testu idatzian oinarritu da, galdegaiaren lekuaz jarduteko.

Kepa Larreak Erroreak bigarren hizkuntzaren (H2) irakaskuntzan deritzon artikuluan bigarren hizkuntza ikaste prozesuan gertatu ohi diren erroreen analisia egin dau. Errorea ikaste prozesuaren partetzat hartuta, honen iturriak eta sailkapena egin ditu, bigarren hizkuntzaren irakaskuntzaren bilakaeraz jardun eta bigarren hizkuntzako irakasleari errorearen aurrean zelan jokatu jakiteko proposamen batzuk eskainiz.

Juan Luis Goikoetxeak Herri jakituria: hizkera eta izaera izenez, euskal kulturaren ganeko artikulua idatzi dau, lekukoen esperientziaren barri zuzena jasoz; euskal kultura, zentzu sakonean, eta adierazteko modua bera, edukia eta formaren uztardura, hiztunaren bizipenetik sortzen direla aldarrikatuz.

Aholab ingeniari taldeakEuskarazko datu-base emoziodun baten ebaluaketa subjektiboa izeneko artikulua eskaintzen dau. Berton ahotsaren sintesian eta hurruneko ezagupenean
emozio faktorea islatzeko helburuarekin sortutako datu base emoziodunaren ganean egindako proben nondik-norakoa deskribatzen da, aktore bik euskara batuan grabatutako zazpiehun esalditan oinarritutako datu base hori baliagarri dela probatu delarik.

Artikuluen zerrenda

Euskalingua 13ren aurkezpena
Maribi Unamuno

Mundakako arrantzaleei egineko grabazioen transkripzioa (III)
Eneko Barrutia

Igorreko azentuaz
Aitor Iglesias

Bermeoko Gazteen Euskararen Aditz Morfologiaz
Enara Laka, Leire Olondo eta Iñaki Gaminde

Galdegaia testu osoetan (eta II)
Mitxel Kaltzakorta

Erroreak bigarren hizkuntzaren (H2) irakaskuntzan
Kepa Larrea

Herri jakituria: hizkera eta izaera. Idaho: airean joan eta behea jo
Juan Luis Goikoetxea

Euskarazko datu base emoziodun baten ebaluaketa subjektiboa
Iñaki Sainz, Ibon Saratxaga, Eva Navas, Inmaculada Hernáez, Jon Sanchez, Iker Luengo, Igor Odriozola eta Imanol Madariaga