Aurkezpena

Euskalingua 17ren edizio elektronikoa aurrekoak halakoa izan arren, CDen argitarapenean aldaketa gauzatu da: disko bakoitzean aldizkariaren zenbaki bi agertuko dira, halan, 16 eta 17 batera.

Euskalingua 17k bost artikulu eskaintzen ditu; Eneko Barrutiak eta Mitxel Kaltzakortak aurreko aleetan argitaratutakoen jarraipenekoak egin ditue; Iñaki Sarriugartek
Eguna aldizkariaren ibilbidea aurkeztendau; Kepa Perez Urrazak XVII. eta XVIII. mendeetako dokumentuak dakarzkigu, azkenik, Ingeniaritza Goi Eskolako Aholab taldeak bokalen antzemateko sistemaren barri emoten dau.

Eneko Barrutiak Mundakako arrantzaleei egineko grabazioen transkripzioa (VII) izeneko artikulua aurkezten dau, itsasertzeko herrietako arrantzaleei egindako grabazioen transkripzioarekin hasitako harilari jarraituz, arrantza langintzako lexiko berezituaren barri zehatza aurkitu daiteke eurotan; hasierako xedea lexikoa izan arren, lexikoaz
gan, edukietan be aberastasuna darie grabazio honeei. Oraingoan, Euskalingua 14en legez, Dimas Zaldunbideren grabaketen audioaz hornituta dago.

Mitxel Kaltzakortak Zuzentzen testuak bizkaitarrez idatziak (IV) artikulua idatzi dau oraingoan, izenburu bereko I, II eta III artikuluak daude idatzita eta aurreko Euskalingua 14 , 15 eta 16an irakurgai, gaia osotasunean landu nahi leukeenarentzako. Paragrafo arteko progresinoari erreparatuz landu ditu testuok.

Iñaki Sarriugartek Euskarazko lehenengo egunkaria: 36ko gerran, Bilbon sorturiko Eguna egunkariaz dihardu, 1937ko urtebarri egunetik urte bereko bagilaren 13ra bitartean, gerra egoeran, 139 zenbaki atara zituen egunkaria, hain zuzen. EAJk Manuel Ziarsolori euskara hutsean egunkaria behar zala eta hori taiutzeko agindua emon, hau A. Zubikaraigaz hartuemonean paratu eta agindua beteten hasi ei ziren, besteak beste, E. Erkiaga, J. M. Arizmendiarrieta, A. Mendizabal, A. Aurrekoetxearen kolaborazioagaz. Eguna egunkariak gerra giroko gizartearen barri emon eban euskaraz sortzetik eta frankistek Bilbo hartu aurreko egunetara arte.

Perez Urrazak Zeberioko Matxurrena baserrian aurkituriko dokumentazio historikoa. Protokolo notarialen metodologiarako ekarpen didaktikoa izenekoartikulua idatzi dau. XVII. eta XVIII. mendeetako dokumentazio historiko hori hiru ataletan banatu dau, edukiaren arabera. Batetik, protokolo notarialak, XVII. mendeko protokolo multzoa Zeberio eta Olabarrietari dagokio eta XVIII.ekoa Nerbioi ibarrari. Bestetik instantziako auzi judizialak; hauetarik gehienak Ugaoko Alkate-Epailearen aurrekoak, banakaren batzuk Bizkaiko Korregimenduko auzitegikoak, auzi guztietarik bi Valladolideko Erret-Kantzelaritzakoak eta bateren bat Calahorrako Gotzaitegiko auzitegikoa. Azkenik, sei diru-kontu liburu, non jabeak, zordunak, diru-kopuruak eta hainbat zehaztasun ageri dan.Dokumentazio honi danoni darion informazio historiko interesgarria argitaratu dau autoreak Euskalingua aldizkariaren bidez, barnean dauan kultura-ondarea irakurlearen aurrean ipiniz.

Aholab ingeniari taldeak Bokalen antzematea fonemen klusterren bidez izeneko artikuluan ahotsean bokalak detektatzeko eta segmentatzeko sistema automatikoa aurkeztu dau. Aholabek garatu dauen sistema bokalen alde egonkorrak detektatzeko gai da. Sistema hau eta detektatutako segmentuak ahotsean emozioen identifikaziorako parametro prosodikoak kalkulatzeko eta hizlaria egiaztatzeko sistemetan erabiltzen ari da Aholab lantaldea. Bokale detektagailu hau euskarako datu basean, estilo neutroan probatu dabe eta sistemaren prezisioa mantentzen da beste estilo batzuetan ere. Metodo honen baliagarritasuna beste hizkuntza baten saiatuta be probatu da eta emaitza onargarria lortu da, hizkuntza hori euskararen ondoan bokale sistema nahiko diferentea dauan alemana izanda.

Artikuluen zerrenda

Euskalingua 17ren aurkezpena
Maribi Unamuno

Mundakako arrantzaleei egineko grabazioen transkripzioa (VII)
Eneko Barrutia

Zuzentzen testuak bizkaitarrez idatziak (IV)
Mitxel Kaltzakorta

Euskarazko lehenengo egunkaria: 36ko gerran Bilbon sorturiko EGUNA
Iñaki Sarriugarte

Zeberioko Matxurrena baserrian aurkituriko dokumentazio historikoa. Protokolo notarialen metodologiarako ekarpen didaktikoa
Kepa Perez

Bokalen antzematea fonemen klusterren bidez
Iker Luengo, Eva Navas, Jon Sanchez eta Inma Hernáez

Ahots-dokumentuak

Dimas Zaldunbide Mundakako arrantzaleari eginiko 2. grabazio saioari dagozkion ahots-dokumentuak hemen daude eskuragarri.