Aurkezpena

Euskalinguaren hirugarren zenbakia daukazu hau. Oraingo honetan ohiko ikerketa arloei dagozkien zazpi artikulu topatuko dituzu.

Batuketaren arloan Aurrekoetxeak “Arratiako hitanoaren arautzea” izeneko artikuluan hizketa informala edo lagunartekoaren estandarizazioari ekin dio, Arratiako azpi-lurralde berbetaren aditz alokutiboen paradigmak eskainiz. Ez da hau dialektologia lan deskriptiboa; berbetaren normatibizazioari begira, aldaki ezberdinetatik bakarra proposatzen da azpi-lurralde berbeta egiten den eremu informaletan hitanoa ikasi behar duten Arratiarrek erabil dezaten.

Beste korpus aldetiko behar bi aurkituko dituzu zenbaki honetan, biak dialektologia arlokoak: Barrutiak Kantabriako Castro Urdiales eta Bizkaiko hainbat herritan galdetegi eta elkarrizketaren bidez batutako erdara eta euskarazko itsas-txorien izenak dakartza. Bestetik, Mtz. de la Cuadraren Nabarnizko hiztegiaren B eta D-z hasitako berbak ditugu, hiztegi mardularen bigarren atala, hain zuzen. Lexikoa batu ez ezik fraseologia eta adibide erabilerak ere eskaintzen ditu bertan.

Gamindek azterketa esperimentala burutu du doinu-azentudun aldaera (Gatikakoa) Bizkaiko edozein doinu-azentudun aldaeradunek, Bizkaiko gainerako aldaeradunek, giputzek eta
euskaldun berriek zelan perzibitzen duten argitzeko. Esperimentuan parte hartu duten gazte batzuk tonu igoera azentutzat jo dute, oker, kasu askotan. Ez da harritzekoa, pertzepzio zuzenena doinu-azentudun barietatea erabiltzen dutenek eta huts gehien euskaldun berriek egitea.

Aplikazioaren eremuan, bi lanek euskal eskola hartzen dute azter-eremu. Euskal Herriko eskoletan Ingurunearen testuliburuetan euskara zerekin lotzen den aztertu du Bilbaok ondoko ondoriora helduz: Euskal Herria eta berari dagozkion ezaugarriak jorratzerakoan ikuspegi soziokulturala barik politikoa darabilte oraingo testuliburuek. “Ikonografia euskarri teknologiko berrietan” izeneko artikuluan, teknologia berriek gure gizartean duten eragina eta sortzen ari den ikasle berria aintzakotzat harturik, eskolaren curriculumean ikononografia lantzearen beharraz jardun du P. de Urraza irakasleak.

Azkenik, Sanchez eta bestek ahots ezagutze automatikoaren ildotik emoziodun ahots ezagutzearen inguruan burutu diren hainbat ikerketaren berri eman digute, baita arlo honi buruzko esperimentu bat proposatu ere. Lan hauek denek ikerketa mailan ekarpen garrantzitsua egiten dutena eta, disziplinartekotasunari begira, arlo ezberdinetako azterlariei interesgarri egingo zaizkiena seguru gaude.

Artikuluen zerrenda

Euskalingua 3ren aurkezpena
Esti Amorrortu

Arratiako hitanoaren arautzea
Gotzon Aurrekoetxea

Itsas txorien izenak Mendebaldean
Eneko Barrutia

Nabarnizko Hiztegia (B eta D letrak)
Alberto Mtz. de la Cuadra

Doinu-azentudunaren pertzepzioaz
Iñaki Gaminde

Euskara XX. mendeko testuliburuen arabera
Begoña Bilbao

Ikonografia euskarri teknologiko berrietan
Karmele Perez de Urraza

Intonazioa eta Emozioak: Ezagutze automatiko baterantz
Jon Sanchez, Iker Luengo, Amaia Castelruiz, Xabier Zalbide, Eva Navas, Inma Hernaez