Aurkezpena

Euskalingua 8 daukazu eskuartean; lau urteko ibilbidea egin dugu honezkero. Urtero udaberrian jazotzen den legez, Euskalingua Mendebalde Kultura Alkarteko jardunaldiekaz batera datorkigu. Gainera, ohikoa denez, korpus, teoria zein aplikazio mailako lanak bildu ditu zenbaki honek.

Lehen atalean bi artikulu oso ezberdin ditugu. Batetik, aurreko zenbakietan zatituta atera dugun Nabarnizeko hiztegiaren azken atala daukagu. Egileari, Alberto Martínez de la Cuadrari, egin duen lan mardula dela eta, zorionak eman gura dizkiogu eta, bestetik, argitaratzeko gure aldizkaria aukeratu du eta, eskerona erakutsi ere.

Bestetik, Naiara Iza eta Jon Gaminde gazteek, Diman batu dituzten lo, olgeta eta beste kanta batzuk eskaintzen dizkigute, letra eta partitura, umeen irakaskuntzan erabilgarri egiteko asmoz.

Bigarren atalean fonetika akustiko eta fonologia inguruko lanak irakurtzeko aukera daukagu. Gamindek lau lekukoen dardakari hobietakoaren ezaugarriak eta alofonoak erkatu ditu; lekukoak jatorri ezberdinetakoak (Mungia, Gatika eta Eskiulakoak) eta batzuk gizonak eta beste batzuk andrazkoak badira ere, ez dago aldehandirik haien artean azterketa akustikoa egiterakoan.

Amaia Munarrizek Ataungo mutil gazte baten azentua aztertu du “Euskalkiko eta batuko azentua aurrez aurre” izeneko artikulu bikainean: etxeko euskaraz eta batuaz galdetegi bat erantzun osteko datuak konparatu ditu. Beste batzuetan topatu den bezala, hiztun gazte horrek batuaz jarduten duenean ez darabil etxeko azentu sistema: bere etxeko azentuan plurala aurreazentuatzailea den bitartean, euskara batuan darabilen pluraleko morfemak ez du azentuan eraginik eta gainera etxeko ereduan azentu lexikoa duen hitz multzoak ez du azentu lexikorik batuaz aritzen denean. Mota honetako azterketak ez bakarrik euskararen aldaera ezberdinak deskribatzeko, etorkizunean euskara zelan bilakatuko den eta batua zelakoa izango den aurreikusteko ere oso garrantzitsuak dira.

Azkenik, Aholab taldeak ebaluaketa esperimentu bat garatu du ahozko sintesirako eredu bi, MBROLA eta HNS, konparatzeko. Esperimentuan hogeita bi lagunek parte hartu eta ahotsari buruzko ebaluaketa ezberdinak egin dituzte: bokalak, kontsonanteak eta kontsonante taldeak, esaldiak, testuak eta kalitate orokorra ebaluatu dituzte. Horrela, sintesi motore bakoitzean gehiago garatu beharrekoak aurkitu dituzte ikerlariek.

Artikuluen zerrenda

Euskalingua 8ren aurkezpena
Esti Amorrortu

Nabarnizko Hiztegia (T, U, eta X letrak)
Alberto Martinez de la Cuadra

Dimako kanten gainean
Naiara Iza eta Jon Gaminde

Dardarkarien ezaugarri akustikoez
Iñaki Gaminde

Euskalkiko eta batuko azentua aurrez aurre
Amaia Munarriz

Evaluación del conversor de texto en habla con modelo HNS, y comparación con el modelo MBROLA
Jon Sanchez, Eva Navas, Ibon Saratxaga, Inma Hernáez