Aurkezpena

Euskalingua jadanik laugarren zenbakia sareratu du, Mendebalde Kultura Alkarteak urtero maiatzean antolatzen dituen jardunaldiekaz batera. Honetan ere ikerketa lan sakonak dituzu, astiro eta arretaz irakurri beharrekoak.

Lehenengo, korpus handia batu duten artikulu luze bi aurkituko duzu. Txomin Solabarrietak euskal postposizioen azterketa eskaintzen digu, bakoitzaren erabilera zehaztuz eta askotan sinonimoak emanez. Erreferentzia garrantzitsua, duda barik, hizkuntzalarientzat zein hizkuntza erabiltzaileentzat. Korpus handia, baita, Alberto Martinez de la Cuadrak ekarrikoa. Kasu honetan eta Euskalingua aurreko zenbakietakoari jarraituz, E, F, eta G letren Nabarnizko lexikoa, fraseologia eta adibide erabilerak ditugu.

Bestetik, “Bazen Lagun bat, aditzek sorgindu zutena: Pedro de Yrizar” izenburuko artikuluan Yrizarrek aditzaren inguruan burutuko lana eta euskal hizkuntzalaritzari egindako ekarpen handia gomutan hartuta, Bizkaian bizirik dauden aditzaren zenbait aspektutara berriro hurbildu eta haien hedapen geografikoa ematen digu Iñaki Gamindek: Aoristikoak, ze/zein subjuntibo formak eta eragon aditza, hain zuzen.

Eta lan aplikatuen arlotik, lau lan interesgarri topatuko dituzu Euskalingua4ean. Lehenengoan Bilbao eta bestek Bakioko eskolan Lehen Hezkuntzan Ingurune hurbila lantzeko prestatu duten materiala (DVDa) eta berau egiteko erabilitako irizpide teoriko zein ebatsi praktikoak azaltzen dizkigute. Proiektu horretan ikasleari herriko errealitate hurbila ekartzen zaio eskolara teknologia eta bertako berbeta baliatuta.

Xabiertxo ondorengo eskola-liburuetan inguruneari buruzko ezagupena eta, zehatzago esanda, lanari buruzkoa testuan zelan agertzen den aztertu du Karmele P. de Urraza irakasleak. Material pedagogiko eta curriculumetik ingeniaritza linguistikoaren ahots-ezagutzaileetara pasa zaitezke eta Aholab taldeak sorturiko euskarazko Speech-dat datu-basearen berri izan. COST 249 proiektu europarraren helburuetariko bat ahots ezagutzaileak ahalik eta hizkuntza gehienetarako entrenatzea da eta euskararako balio dezan Aholabek, 1060 telefono-deieginda, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 23 azentu taldeen datuak bildu ditu euskarazko Speech-Dat (II) datu basean. Artikuluan datu-basea egiteko prozedurak eta ezaugarriak azaldu ondoren lehen azterketetatik lortutako emaitzen berri ematen digute.

Azkenik, Begoña Bilbaok “Euskara: ikonografia bidezko ibilbidearen kronika” izeneko lanean euskara gaia ikonografian zelan agertzen den aurkezten du: batez ere argazki -sarri pertsonaiak eta hizkuntza batuz- eta mapetan -euskalkiei buruz berba egiteko. Batetik, esan behar da testuliburuetan ikononografia geroz eta ugariagoa dela. bestetik, euskara gaiaren presentzia ere aldatu da eskolako curriculuma aldatzearen ondorioz. Autoreak azken urteetan argitaletxe batzuk euskara aipatu ere ez dutela egiten nabarmentzen du.

Artikuluen zerrenda

Euskalingua 4ren aurkezpena
Esti Amorrortu

Euskal postposizioak
Txomin Solabarrieta

Nabarnizko Hiztegia (E, f eta G letrak)
Alberto Martínez de la Cuadra

Bazen Lagun bat, aditzek sorgindu zutena: Pedro de Yrizar
Iñaki Gaminde

Ingurune hurbila euskarri teknologiko bidez: Bakioko ahozko ondarean oinarritua
Begoña Bilbao, Juan Luis Goikoetxea, Iñaki Gaminde, Esther Elgoibar, Ander Olalde eta Idoia Markaida

Xabiertxo-ren jarraikako testuliburuak euskal irakaskuntzaren garapenean
Karmele Perez Urraza

Euskarazko Speech_Dat (II) Datu-basea: Deskribapena eta Lehen Ezagutze Saiakeren Emaitzak
Inma Hernáez, Iker Luengo, Eva Navas, Maren Zubizarreta, Iñaki Gaminde, Jon Sanchez eta Imanol Madariaga

Euskara: Ikonografia bidezko ibilbidearen kronika
Begoña Bilbao