Aurkezpena
Euskalinguaren bigarren zenbakia duzu begi aurrean. Aurrekoan bezala, artikulu bilduma mardula duzu honako hau, hiru arlotan bananduta. Batetik, hiru artikulu teoriko topatuko dituzu, gramatika, fonologia eta fonetikaren ingurukoak, hain zuzen.
Coterónek, filosofia eta hizkuntzalaritza chomskyarra kontuan izanda, euskal egitura pasiboen gainean jardun du eta euskal subjektu eta objektuaren definizioak kolokan ipini ditu, Apuntes de filosofía del euskara, I: contra el sujeto artikuluan. Gamindek Mungialdean herskarien eta afrikarien artean gertatzen diren txandaketak aztertu ditu; herri batzutan txandaketak ez dira guztiz burutu, gertatzen ari dira eta burutu diren ala ez eta aldaketon garrantzia kontuan hartuta, Mungialdeko herrien sailkapena egin du. Fruizko hizkera: bokalismoa artikuluan, lau berri-emaile gizonezkoen laguntzaz, Uriartek Fruizen ebakitzen diren bokalen azterketa akustikoa ematen digu, formakinak aztertuta.
Bestetik, lau korpus lan topatuko dituzu Euskalinguaren bigarren zenbakian. Hiztegi zabalaren argitalpenari hasiera emateko, Nabarnizko lexikoaren Asarrerak dakarzkigu Mtz. de la Cuadrak. Hizkuntzalari honek Nabarnizko hiztegia batu ez ezik dakartzan adibideak hiztunengandik jaso ditu, benetako erabilera, eta ez ohikoa den legez hizkuntzalariek asmatuta, jaso ere. Gainera, hiztegia beste lan batean ere jorratzen da, Intxaurragaren Galdakaoko baserri inguruko hiztegiaren gaineko artikuluan, hain zuzen.
Mendebaldeko etnotestoek ere badute bere n lekua bigarren zenbaki honetan: Elgoibar eta Gaminderen eskutik, Lekeition 1992 eta 2002 bitartean jasotako hemeretzi narrazio, jatorrizko ahozko testua transkribatuta eta batuan, irakur genezake. Eranskinean, Lekeitioko aldaeraren adizki alokutiboen taulakdakartzate. Era berean, Barrutiak jaso eta transkribatuta, Orozkoko ipuin mitologiko batzuk irakurtzeko aukera dugu.
Amaitzeko, aplikazioetarako lanak ere argitaratu gura izan ditugu Euskalinguaren bigarren zenbakian. Ikuspegi soziolinguistiko batetik, eta munduko hizkuntzen egoera deskribatzea eta arriskuan dauden hizkuntzei buruzko gomendioak ematea helburu izanda, Barreña eta bestek UNESCO erakundearentzat autoreek eurek idatziriko Munduko hizkuntzei buruzko txostenaren berri eman dute. Txostena egiteko galdetegien bitartez batutako datu base zabalaz eta adituek egindako ekarpenez baliatu dira.
Hizkuntza eta kulturaren didaktikaren ikuspegitik, Xabiertxo eskola-liburu aitzindarian lan mundua eta teknologiaren mundua ikasleen testuinguru soziokulturaletik abiatuta zelan irakasten diren aztertu du Perez de Urrazak Lana eta garapen teknologikoa Xabiertxo eskola-liburuan izenburupeko artikuluan.
Azkenik, Zalbide eta bestek Euskararako SAMPA kodeaz izenburupeko artikuluan ordenadoreak irakur eta uler dezakeen SAMPA izeneko alfabeto fonetikoa erakusten digute
eta gaur Aholab ikerketa taldeak ahots artifiziala sortzeko sistemak garatzeko erabiltzen duen SAMPA kodearen euskararen berrogeita bat fonema eta alofono zerrendatzen dizkigute.
Artikuluen zerrenda
Euskalingua 2ren aurkezpena
Esti Amorrortu
Apuntes de filosofía del euskara, I: contra el sujeto
Ibon Coterón Agorria
Mungialdeko herskarien eta afrikatuen txandaketaz
Iñaki Gaminde
Fruizko hizkera: Bokalismoa
Jon Andoni Uriarte
Nabarnizko Hiztegia
Alberto Mtz. de la Cuadra
Galdakaoko baserriko tresnen inguruan
Gorane Intxaurraga
Lekeitioko narrazioak
Esther Elgoibar, Iñaki Gaminde
Orozkoko etno-ipuin batzuk
Eneko Barrutia
Munduko hizkuntzei buruzko txostenaren aurkezpena
Andoni Barreña, Itziar Idiazabal, Patxi Juaristi, Belen Uranga
Lana eta garapen teknologikoa Xabiertxo eskola-libururan
Karmele Perez Urraza
Euskararako SAMPA kodeaz
Xabier Zalbide, Iñaki Gaminde, Inma Hernaez, Maren Zubizarreta, Eva Navas