Aurkezpena

Euskalingua 19n bost artikulu dira irakurgai. Lehenengoa, H. Legarrak egin dau eta Ariatza-Muxikako euskararen arau fonologikoen ganekoa da. Bigarrena, A. Etxebarria eta beste batzuk talde-lanean egin dabe eta testu irakurriei buruzko grafema hots korrespondentzia aztertu dabe. Hirugarrena, G. Aurrekoetxea eta L. Unamunok egina da eta euskara-gaztelania kode-aldaketari buruz da. Laugarrena, Aholab ingeniari taldeko I. Odriozola eta beste batzuk egindako lana da eta euskarazko ahoskera ebaluatzeko sistema baten garapenaz dihardu. Bosgarrena be Aholabeko ikerlariek aurkezten dabe eta bertan ahots-sintesi-sistema biren hobekuntza proposatzen dabe.

H. Legarrak Zenbait arau fonologiko Ariatza-Muxikako euskaran izenburua dauan artikuluan, Ariatzako informatzaileak aukeratu ditu; guztiak ama-hizkuntza euskara dabenak, 30 urtetik gorakoak, adin-tarteetan banatuta. Prestatutako galde-sorta, inkestak eta elkarrizketak xede izan daben analisia lortzeko egokituta egon dira, halan, hitzaren mailan, bokaleei eta kontsonanteei dagozkien arau fonologikoen deskripzioa eta sailkapena egin dau.

Aintzane Etxebarria, Iñaki Gaminde, Urtza Garay eta Asier Romerok, Gazte euskaldunek testu irakurrietan egiten dituzten grafema hots korrespondentziez izeneko artikuluan, 1979tik 1993ra bitartean jaiotako euskaldunen irakurketa aztertu dabe. Bost informatzaileren, hiru hegoaldeko eta bi iparraldekoren irakurketa ozena hartu dabe oinarri, bokaleen eta kontsonanteen ahoskeraren analisirako. Ahoskera guztiak Euskaltzaindiaren arauarekiko daben hurbiltasuna edo hurruntasuna zein informatzaileek elkarrekiko dabena hartu ditue kontuan, halan, esaterako, dardarkarien ahoskeran banaketa nabarmenada iparraldeko eta hegoaldeko informatzaileen artean. Edozein kasutan, irakurketa ozenak umearen garapen kognitiboan dauan garrantzia dala-eta, irakaslegaien prestakuntzan gai honek dauan garrantziaz oharrarazten dabe irakurlea.

G. Aurrekoetxea eta L. Unamunok Perpaus arteko euskara-gaztelania kode-aldaketa artikulua eskaintzen dabe. Euskara gaztelaniagaz batera eremu geografiko berean izatearen ondorioz, hau da, ukipen-egoera deritzonaren ondorioz, gaurko zenbait hiztunek eguneroko hitzezko elkarreraginean, egoera informaletan, bizilagunekin darabilen hizkuntzan, batzuetan kode-aldaketak egiten ditu. Artikulu honetan, egileek Euskal Herriko mendebaldeko ama-hizkuntza euskara daben hiztun heldu eta adinekoen ahozko ekoizpenean azaltzen dan sintaxia mailako kode-aldaketa aztertu dabe, perpaus nagusia eta menpeko perpausaren artean gertatzen dana, hain zuzen.

Aholab ingeniari taldeak bi artikulu dakartza Euskalingua 19ra. Bata, D. Erro, I. Hernaez, E. Navas,I. Odriozola, J. Sánchez eta I. Saratxagak idatzia, Euskarazko ahoskera ebaluatzeko sistema baten garapena, ASR datu-basearen bidez izenekoa da. L2 hizkuntza ikaskuntzan, gaur egun ezagunak diren autoikaskuntza sistemak garatu ahal izateko ikerketaz dihardu artikulu honek. Ordenagailuz ahoskera egokia ekoizteko oinarrizkoa da fonemen puntuazioa zuzena. Esaldiko fonema bakoitza puntuatzeko, ASR datu-base orokorra erabiliz, CAPT deritzen ordenagailuz lagundutako ahoskeraren entrenamendurako sistemak diseinatzeko metodoa deskribatzen da berton.

Bestea, D. Erro, I. Hernáez, E. Navas, I. Odriozola, I. Sainz, J. Sánchez eta I. Saratxagak idatzia, MFCC+F0 erauzketa eta ahots-uhina berreraikitzea HNM erabiliz: HMM sintesi-sistema batean lortutako aurretiko emaitzak izenekoa da. HMM (Hidden Markov Models) eta GMM (Gaussian Mixture Models) ahots-sintesi-sistemak ia estandarrak dira ahots-bihurketan. Biek dituzte, hala ere, errendimendu muga jakin batzuk; horietarik bat ahotsa parametrizatzeko eta berreraikitzeko metodoaren zehaztasuna da eta, artikulu honetan, ahotsa parametro estatistiko egoki bihurtzeko eta ahots-uhina berreraikitzeko metodoa proposatzen dabe, pertzeptzio –ebaluaketaren emaitzen arabera, HMM motako sintesi-sistemetan erabilgarria den metodoa.

Artikuluen zerrenda

Euskalingua 19ren aurkezpena
Maribi Unamuno

Zenbait arau fonologiko Ariatza-Muxikako euskaran
Hiart Legarra

Gazte euskaldunek testu irakurrietan egiten dituzten grafema hots korrespondentziez
Urtza Garay, Iñaki Gaminde, Aintzane Etxebarria eta Asier Romero

Perpaus arteko euskara-gaztelania kode-aldaketa
Gotzon Aurrekoetxea eta Lorea Unamuno

Euskarazko ahoskera ebaluatzeko sistema baten garapena, ASR datu-basearen bidez
Igor Odriozola, Eva Navas, Inma Hernaez, Iñaki Sainz, Ibon Saratxaga, Jon Sánchez eta Daniel Erro

MFCC+F0 erauzketa eta ahots-uhina berreraikitzea HNM erabiliz: HMM sintesi-sistema batean lortutako aurretiko emaitzak
Daniel Erro eta beste