Aurkezpena

Euskalinguaren lehen zenbakian jorratu gura ditugun hiru arlo nagusien gaineko hamar artikulu topatuko dituzu. Hizkuntzalaritza ikerketaren barruan Gamindek “Bizkaiko euskararen ezaugarri fonologiko batzuen inguruan” izenburuko artikuluan aldaera geografikoak deskribatzerakoan fenomeno fonetiko eta fonologikoak, batetik, eta sinkroniko eta diakronikoak, bestetik, ezberdintzeko beharraz ohartarazten gaitu eta aldaerak sailkatzeko irizpide fonologiko batzuk eskaintzen dizkigu, azentu sistema, erroari mugatzailea eransterakoan gertatzen diren egokitzapenak, jotaren ebakera eta diptongoak, hain zuzen. Hualde, Mugarza eta Zuazok ere fonologia dute hizpide. Mallabiko hizkerako azentuera aztertu ostean Iparraldeko bizkaieraren eta erdialdeko azentu-sistemen arteko zubitzat har daitekeela baieztatzen dute. Fonetika artikulatorioa aztertzen du Yarnozek “Descripción de las sibilantes vascas mediante el parámetro “tongue shape” artikuluan, euskarazko txistukariak zelan sortzen diren azalduz eta fonemok transkribatzeko IPA konbentzio batzuk proposatuz.

Hizkuntza jabekuntzaren arloan, D ereduko ikasle etxetik-euskaldunek hiztegi berria ikasterakoan jadanik daukaten ezagupen lexikalaren barruan zelan kokatzen duten aztertu du Goikoetxeak eta ikasketa prozesuan ikasleek etxetik dakartena eskolan txertatu behar dela aldarrikatzen du “Lexikoaren ikasketa” lanean. Azkenik, Olalde, Gaminde eta Elgoibarrek toponimoak ofizialki finkatzerakoan herriak jadanik finkatuta daukan sistema kontuan hartu behar dela uste dute eta adibidetzat Bakiotarrek izen arrunt eta berezi pare asko ezberdintzeko erabiltzen duten sistema deskribatzen dute.

Batuketa lan zabala egin dute ondoko ikertzaileok: Mendebaldeko hiru corpusetan oinarrituta, “egin” galdegaia duten esaldiak batu eta bere erabilera deskribatu du Barrutiak “Aditza indartuteko “egin” galdegaiaren erabilerea” artikuluan; Curriculuma betetzeko euskal eskoletan erabiltzen diren testuliburuetako testu eta ikonografian agertzen diren Bizkaiko pertsona ezagunak zelan agertzen diren aztertu du Bilbaok “XX mendeko testuliburuetako pertsona ezagunak. Bizkaiko kasua” lanean; herri literaturaren ondarearen berri ematen digu Kaltzakortak “Donostiako hiru damatxo kantaren gainean” lanean.

Bestalde, aplikazioaren arloan artikulu bi aurkituko dituzu lehen zenbaki honetan. Lengoaia naturalaren prozesamendua edo hizkuntzaren tratamendu automatikoa zertan den eta Euskal Herrian ze lan egin den eta ze zailtasun dagoen azaltzen digute Alegria, Artola eta Sarasolak “Hizkuntzaren tratamendu automatikoa: aplikazioak, tresnak, baliabideak eta oinarriak” izenburuko artikuluan eta ahots sintesiaren naturaltasuna hobe dadin prosodia ezartzeko metodoa aurkezten dute Navas, Hernáez, Madariaga, Sanchez eta Ezeizak

Lehen zenbakia prestatzen lagundu diguten guztiei gure eskerrona erakutsi gura diegu: Bizkaiko Foru Aldundiaren Euskara Sailak eta Bilbao Bizkaia Kutxak diruz lagundu dute, Industria eta Telekomunikazio Ingeniarien Goi Eskolako Aholab taldeak euskarria prestatu du eta artikuluetako autoreek eurek ere posible egin dute lehen zenbakia.

Artikuluen zerrenda

Euskalinguaren aurkezpena

Euskalingua 1en aurkezpena
Esti Amorrortu

Bizkaiko euskararen ezaugarri fonologikoak
Iñaki Gaminde

The Accentual System Of Mallabia Basque
José Ignacio Hualde, Pello Mugarza, Koldo Zuazo

Descripción de las Sibilantes Vascas Mediante el Parámetro “Tongue Shape”
Belen Yarnoz

Lexikoaren ikaskuntza
Juan Luis Goikoetxea

Bakioko ahozko toponimoak direla eta
Ander Olalde, Iñaki Gaminde, Esther Elgoibar

Aditza indartuteko “egin” galdegaiaren erabilerea
Eneko Barrutia

XX. mendeko testuliburuetako pertsona ezagunak. Bizkaiko kasua.
Begoña Bilbao

“Donostiako hiru damatxo” kantaren gainean
Javier Kaltzakorta

Hizkuntzaren tratamendu automatikoa: aplikazioak, tresnak, baliabideak eta oinarriak
Iñaki Alegria, Xabier Artola eta Kepa Sarasola

Esaldi etenaldien ezarpena CART bidez Euskal Testu Ahots Bihurketarako
Eva Navas, Inmaculada Hernáez, Imanol Madariaga, Juan M. Sanchez, Nerea Ezeiza